HASIERA CONTACTO BIDEOAK

domingo, 13 de marzo de 2022

Sebastian Iradier (euskara)

 Sebastián  Iradier  Salaberri

1809 - 1865

Sebastian Iradier Agurainen

Lan honen xedea Sebastian Iradierrek Aguraingo San Joan parrokian organo-jotzaile eta sakristau goren modura garatu zuen ibilera erakustea da.

Lantziegon jaio zen 1809ko urtarrilaren 20an (2009 honetan bere jaiotza izan zeneko 200 urte betetzen dira) eta Gasteizen hil zen Arkupeko Ibilbidearen 5. zenbakian, 1865eko abenduaren 6an. Ikerketa ugari dago nagusiki habanerak garatu zituen musikagile honen inguruan.
Sebastian Iradierrek habanera eta kantu herrikoi ugari egin zituen, horien artean "La Paloma", munduko abestirik ezagunetarikoa. "Neguita", Eduard Lalok "Sinfonía Española"n erabili zuena eta "el Arreglito" Georges Bizetek ezagutarazi zuen Carmen izeneko bere operako lehen ekitaldian. Estreinaldiaren porrota eta gero, Eugenia Montijo enperatrizak berak aholkatu omen zion Bizeti Iradierren habaneraren bat sartzeko operaren moldaketan.

Ezer gutxi dakigu musika ibilbidearen hastapenaz, ziurrenera Gasteizen ikasi zuela eta hamasei urterekin San Migel elizan organo-jotzaile lanetan aritu zela baino ez.
Dena den, gutxiago dakigu Aguraingo San Joan parrokiako organo-jotzaile modura izandako ibileraz. Are ezezagunago zaigu sakristau goren izan zela eta San Joan parrokian ezkondu zela Aguraingo emakume batekin, Brigida Iturbururekin. Harekin Pablo izeneko seme bat izan zuen Agurainen. Baina gure artean 6 urte eman ostean Madrilera abiatu zen musikari hauspotze bat emateko asmoz.

Aguraingo San Joan parrokia aurreko mendearen hasieran.

Lan hau egiteko, Fortunato Grandes jauna, herriko idazkariaren ikerketa eta Dionisio Preciado jauna, Aguraingo musikologoaren ikerketa hartu dira oinarri gisa. Horrez gain, Pio Barojaren lana edota Venancio del Valen lana baliatu dira eta Aguraingo Udal Artxibategian nahiz Aguraingo San Joan Parrokiako Artxibategian aurkitutako hainbat lan ere erabili dira.

Sebastian Iradier

"Zure leihora uso bat iristen bada..."

Iradierri buruzko xehetasunezko biografia bat burutzea lan nekeza da erabat, izan ere, bere bizitzari buruzko datu asko falta dira. Irakasle lanetan berekin aritu zen Baltasar Saldonik egin zuen saiakera bat, baina ez zuen arrakastarik izan. Ahalegin hori Espainiako musikarien efemerideei buruz egin zuen hiztegi bibliografikoan argi islatzen da:

"folklorearen munduan egile aski ospetsua bere kantu herrikoiak direla eta".

Baltasarrek aipatzen duenez, kanturako solfeo maisu lez aritu zen Madrileko Musika Eskolan Iradierrekin batera, eta, bere biografia-oharrak edo "curriculuma" behin eta berriz eskatu bazitzaizkion ere haiek entregatu gabe hil zen, entregatuko ez zituenik esaten ez zuen arren.

Badakigu Sebastian Iradier Lantziegon jaio zela (Araba) 1809ko urtarrilaren 20an. Hamaika urterekin Andre Mariako koruan abestu zuen soprano gisa, eta hamasei urte zituela pianoa eta organoa ikasi zituen Gasteizen.

1825eko apirila eta 1827ko ekaina bitartean, Gasteizko San Migel Arkanjeluko elizan organo-jotzaile izan zen. Ondoren oposizioak egin zituen eta Aguraingo San Joan Bataiatzailea parrokian organo-jotzaile eta sakristau goren plaza eskuratu zuen. Bertan hasi zen lanean 1827ko ekainaren 5ean.

1829an, 20 urte zituela, Brigida Iturbururekin ezkondu zen organo-jotzaile gisa aritzen zen parrokia berean, hots, Aguraingo San Joan Bataiatzailea parrokian. Seme bat izan zuten, Pablo de Iradier Iturburu.

Erlijiozko musikaren inguruko betebeharrak betetzeaz gain, euskal burgesiako areto pribatuetan modan zeuden kantu herrikoien zale amorratua zen, eta organoarekin eta gitarrarekin kantak, boleroak, seguidillak eta tiranak interpretatuz gozatzen zuen.

Ideia liberalak eta ohitura libertinoak zituen. Kargu hartzen hasi zitzaizkionean, joan egin zen Aguraindik. 1833an lau hilabeteko lizentzia bat eskuratu zuen Madrilen musikan sakontzeko. Lau hilabete horiek urte bihurtu ziren eta bitarte horretan organo-jotzaile gisa zuen betebeharra Agurainen jaiotako bere lagun eta ikasle batek bete zuen, Antonio Ruiz de Landazabalek, hain zuzen. Solfeo-katedrarako oposaketak egin zituen Madrilgo Kontserbatorioan. 1840tik 1850era hango irakasle izan zen.

Ezaguna egin zen laster eta titulu ugari jaso zituen. Klasean nobleziako eta goi-aristokraziako damak izaten zituen. Madrilen lehen abestiak argitaratu zituen, "Albúm Filarmónico" izenburupean.

Geldiezina eta abenturazalea zen. Lehenengo, Parisera joan zen; handik gutxira, bira egin zuen AEB, Mexiko eta Kubatik, Patti eta Alboni soprano ezagunekin batera. Parisera bueltatu eta musikari eta idazle ospetsuenak egin zituen lagun:

Rossini, Sthendal, Merimée, Bizet,... Beti egon izan zen dama ezagunez inguratuta: Vilardot eta Malijo abeslariak direla edo Eugenia Montijo enperatriza bera dela.

Enperatrizari kantu-eskolak eman zizkion. Ikusmena galdu zuen eta bere sorterrira itzuli zen, Agurainera. Gasteizen hil zen.

Aguraingo lau organo-jotzaile: Salcedo, Ercilla, Iradier eta Landazabal

Juan Salcedo jauna, organo-jotzailea, sistema liberalaren zale sutsua, Aguraingo herrian aritu zen konstituzio aldian. Salcedo ez zen ezarrita zegoen sistemaren ahozko propaganda egitera mugatu. Hala, San Fernandoko Meza Nagusian (garai hartan subiranoaren gurtzan garrantzia handia zuena) Aguraingo herriko jeneralen aurkako sentimendu horiek jendaurrean aldarrikatu zituen, gurtza haiek egiten ziren San Joan elizan, organoarekin "tragala" joz. Simon Luzuriaga jaunak, parrokoak, ekintza aurpegiratu zion baina ez zuen arrakastarik izan; izan ere, irailaren 8ko festan antzeko kantak joz berragertu zen.

Horren ondorioz, aipatutako parrokoak organoarekin halako gauzak ez jotzeko ohartarazi zion, baina Salcedo ez zen gehiegi arduratu eta nahi bazuen igo eta organoa jotzeko erantzun zion.

Hori nahikoa izan zen, 1823an, konstituzionalistak erori zirenean, Salcedo kargutik kentzeko. Kargua berreskuratzeko asmoz espediente bat aurkeztu bazuen ere gotzai-epaileak parrokoek frogatu zutena nahikotzat jo eta hasierako ebazpena berretsi zen 1826ko urriaren 23an. Beraz, Aguraingo San Joan parrokiako organo-jotzailearen plaza hutsik geratu zen.

San Joan parrokiako organoa, Iradierrek jotzen zuena, eta bertako apaizak 1930. urtearen inguruan.

Organo-jotzailearen plaza hori betetzeko, dagozkion baldintzak ezarri ziren egunero sei errealeko soldata batekin. Gainera, organo-jotzaileak San Joan parrokiako biltzaile eta sakristau goren lanak ere egin behar zituenez, aipatutako soldataz gain, 23 anega gari, katedra egunetan 60 talo-opil eta bestelako eskubideak eskaintzen zitzaizkion, esate baterako, funtzio, urteurren edo hileta ordainsariak; urteko igande eta jaiegun nahiz agindu egun guztietan, aipatutako egunen lehen eta bigarren bezperetan, maginificat eta salbe larunbatetan organoa joko zuen parrokia horretan; gainera, komentu-mezetan sarrera intonatu beharko zuen eta meza kantatuetan eta koruaren urteurrenetan ere aritu beharko zen, organoa jo gabe, eta astelehen eta asteazkeneko kantaldietan aritu beharko zen; ez zuen alde egingo baimenik gabe; haurrei kantu laua eta organoa irakatsiko zien, inbentario gutxi jasotzen zuten elizak edergarriz hornitzeko bermea emango zuen, betiere, organoa eta kargua oposizio bidez hartzen zela aintzat hartuz.

Oposizioa iragarri eta hamar eskatzaile aurkeztu ziren. Aktan ezartzen denez, aztertzailea R. P. Fray Pedro de Bengoa izan zen, Gasteizko San Migel elizako organo-jotzailea.

Oposizioak 1827ko maiatzaren 30ean burutu ziren, San Pedro egunez. Egun horretan kargugabetu zuten ofizialki Salcedo organo-jotzailea eta Sebastian Iradier erraztasunez gailendu zen (gaztelaniaz ezartzen zuenez, "sobresalió en exeso") diskrezio, forzatu eta akonpainamenduan joz. Kantu lauan lehen postua eskuratu zuen eta bigarren postua ahotsean; horrenbestez, sinodalean ezartzen denez:

"Zerrendari begiratuz, plazarako lehen hautagaia Sebastian Iradier jauna dela aipatu behar dut, ariketak aparteko gailentasunez egiteagatik".

Crispín Ercilla jauna, aguraindarra, Salcedo kargugabetu ostean izendatu zen bitarteko organo-jotzailea, kargutik kendu eta Sebastian Iradierren eskuetan geratu zen 1827. urtean.

Gaueko Gurtzarako Biltzarra San Juan parrokian 1910ean. Gasteizko Udal Artxiboa.

Sebastian Iradierren ezkontza Agurainen

1829ko uztailaren 29an, aurreko hiru jaiegunetan hiru erlijio-arau oharrak egin ostean, San Joan elizan (ezkontidea bertako eliztar izateagatik) eta Gasteizko Andre Maria kolegio-eliza ospetsuan (ezkontidea bertan bizi izan zelako), berriro ere oharrak irakurri ziren inolako eragozpenik gabe; eta aitaren baimenaren, azterketaren eta doktrina kristauaren onarpenaren aurretik, Simon Ruiz de Luzuriaga jaunaren, San joaneko parrokoaren, baimenarekin Gabriel de Luzuriaga jaunak, alde batetik, Sebastian Iradier jauna, Lantziegon jaioa, Santiago Iradier jaunaren, Gasteizen bizi zen lantziegoarraren, eta Gasteizen bizi zen Eusebia Salaberri andere gasteiztarraren seme legitimoa, eta bestetik, Brigida de Iturburu andere aguraindarra, Aguraingoak ziren Fernando Iturburu jaunaren eta Maria Cruz Durana andrearen alaba ezkondu zituen; Sebastian de Luzuriaga jauna, Marcos de Luzuriaga jauna eta Ramon de Yara jauna izan ziren lekuko beste aguraindar batzuekin batera.

Iradier Madrilera

Parrokia-batzordeak 1833ko uztailaren 7an egindako saioan Sebastian Iradier jaunak musikagile gisa zailtzeko hiruzpalau hilabetetarako eskatu zuen lizentzia onartu zitzaion. Bere ordez, bitarteko gisa, bere ikasle bat sartu zen, Antonio Landazabal jauna, hain zuzen. 1835eko ekainaren 21ean oraindik itzuli ez zela ikusita bere postua betetzera etor zedin eskatzea adostu zen; hala ere, bitarte horretan gerra zibila lehertu zenez, denbora aurrera zihoan eta ez zen bere berri izan 1840ko urtarrilaren 15era arte.

Egun horretan, bi ofizio-eskaeren hartu-agiria dela-eta idatzi zuen Madrildik, eta bere kargua hartzeko prestutasuna adierazi zuen bertan; baina, aurrez bere osasun egoera kaskarra zela-eta osatzeko beta eskatzen zuen. Eta, 1840ko ekainean, Gasteizen bizi zen bere aitak, Santiago Iradier jaunak, artean kitatu gabeko zorrak kita zitzala eskatuz idatzi zion Batzordeari. Behin hori eginda, jakinarazpena bidaltzeko eskatuz karguari uko egiteko xedez; izan ere, aurrez horrelakorik ez zuen egin parrokian bere kargua nola beteko zen itxaroten egon baitzen.



Sebastián Iradier.

Parrokoek gotzai-epailera jo zuten kargua hustzat emateko eskatzera Iradierrek behin eta berriz huts egiten zuela ikusita, baina, agintaritzak ez zuen eskaera onartzen kargua oposizio bidez irabazi zela argudiatuz.

Azkenik, 1840ko uztailaren 18an Aguraingo San Joan elizako organo-jotzaile kargua uzteko idatzia igorri zuen. Kargua, orduan, bere ikasleak, Antonio Landazabal jaunak hartu zuen. Ez zuen zalantza izpirik izan, kargua betetzeko adina gaitasun zuela erakutsi nahi baitzuen. Dena den, dagoeneko kargua bere eskuetan zela bere irakasleak,

Sebastian Iradier jaunak berak azterketa egin ziezaiola eskatu zuen. 1840ko irailaren 7an egin zen azterketa eta hurrengo egunez arrazoi hura zela medio onartu zuen ziurtagirian, Iradierrek zituen tituluak ikus daitezke, honakoa adierazten baitzen ziurtagiriaren goiburuan:

"Sebastian Iradier jauna, Maria Cristina Erret Musika Eskolako kanturako solfeoko lehen maisu; Madrileko Akademia Filarmonikoaren Errektoreordea; Meritu Bazkidea musikagile eskolan eta kontsolidarioa Madrileko Arte Lizeoan: Espainiako Institutuko Harmonia eta Konposizio Katedraduna; Madrileko Unibertsitate-eskolako irakaslea eta Baionako Akademia Filarmonikoko Ohorezko Bazkide".

Zumalakarregi eta On Carlos Aguraineko ateen aurrean karlistada garaian, Gipuzkoako Zumalakarregi Museoko irudia.

Bibliografia:

Dionisio Preciado - Sebastián Iradier (1809-1865) Organista y "Sacristán Mayor" en Salvatierra de Alava. Revista de musicología - VII. liburukia. 1984 - 1 zenbakia

Pio Baroja - "La sonrisa de Iradier". "Ahora" Egunkaria -1936ko maiatzak 2-31.

Venancio del Val - Sebastian Iradier.

Fortunato Grandes - Tres organistas salvaterranos: Salcedo, Iradier y Landazabal .

Kepa Ruiz de Eguino - Bandas de Música y Txistularis de Agurain - Salvatierra 1840- 2004 - Músicos y Organistas

El Órgano de la Iglesia de San Juan

El  actual órgano de la Iglesia de San Juan fue construido por Juan Montorius en el año 1809.
Composición del órgano de San Juan según el estudio de José Santos de la Iglesia:
Consola exenta


Por: Kepa RUIZ DE EGUINO




No hay comentarios:

Publicar un comentario